Xabier Pellejerori omenaldia 2018ko Txapel Egunean

Zizurkilgo festa batzordeak antolatuta, 25garren edizioa du aurtengoa Zizurkilgo herrigunean ospatzen den Txapel Egunak. Martxoaren 10ean izango da, eta urteurren borobilarekin bat, egun osoko festa antolatu du festa batzordeak Udalaren laguntzaz. Festa batzordeak publiko egin duen oharrak Xabier Pellejero aurtengo txapeldunaren urteetako lana nabarmentzen du. "Badira herri guztietan, baina bereziki txikietan ezinbestekoak bihurtzen diren pertsona batzuk: Protagonista izan ez arren, argazkietan atera ez arren, isilean eta umil -umil boluntario lanean ariko direnak. Horrelakoa da aurten Txapel Egunaren XXV. Urteurrenean omenduko dugun Xabier Pellejero, Nafarroako Gaintzan jaio zitzaigun zizurkildarra".

Goiko festa batzordeko kide azken hamarkadetan, lan hori azpimarratu dute batetik.  "Bera izan da abuztuko Amabirjin festetan etenik gabe lanean aritu denetako bat. Guztia prest egon zedin beti gainean egon dena, arazoak konpondu dituena,  behar zena ekarri eta eraman, serbitzeagatik edo oilaskoak erretzeagatik bazkaldu edo afaldu gabe gelditu dena… Urteetan zehar adin ezberdinetako batzordekideekin lan egiten ere jakin du. Festa batzordeak ez dio eskertza honekin jubilatzeko esan nahi, baina jubilatu aurretik eskertu nahi izan dugu". Era berean Udal honetako zinegotzi ere izan zen Pellejero zenbait legealdiz eta bertan borondatez egindako lana ere azpimarratu dute txapela ematerakoan, eta nola ez, baita bere ofizioan egindakoa ere. "Ofizioz albaitaria izanik, baserritarren bizitza ezagutu eta maitatzen duen pertsona da, berak soilik jakingo du zenbat baserri bisitatu dituen azken 40 urteetan, ahalik eta lan onena eginez".

Egun osoko festa

Egun osoko festa antolatu dute martxoaren 10ean. "Herritarrengan eta Xabierrengan pentsatuz egin dugu egitaraua: Idi probak antolatzen ditu urtero eta horiek ere izango dira Txapel Egunean, artzaintzaren maitale sutsu ere badenez gazta dastaketa antolatu dugu..."

Hauxe da egitaraua:

12:00etan Bukalai dantza taldearen emanaldia Intxaur Frontoian

16:00etan Txapeldunen musa zentroan

17:30etan Idi Probak Plazaberrin: Oraindik plazaratu gabeko idiekin Larraulgo Pedro Joxe eta Orioko Oliden nor baino nor

19:00etan Euskal Herriko gazta ezberdinen dastaketa zimiterioan (ardoa eta sagardoa ere egongo da), trikitilariek lagunduta.

21:00etan Txapeldunen afaria Plaza Etxeberrin, eta ondoren omenaldia. Afariaren prezioa 22€koa da eta tiketak salgai daude Iriarte eta Plaza Etxeberri jatetxeetan. Afal ostean omenaldia egingo zaio eta giroa jarriz, Amaia Agirre eta Iker Zubeldia bertsolariak saiotxoa eskainiko dute, trikitilariekin batera.

 

 

 

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.