Zizurkilgo Udalak saihesbidearen proiektuari berrekitea eskatu dio Aldundiari

EH Bilduk aurkeztutako proposamena babestu du PSEk.

Abenduaren 11ko udalbatzan aztertu zen mozioak gogoratzen duen bezala, “Zizurkil hamarkada luzeetan jasaten ari da trafikoaren zama Elbarrenako erdigunetik. 2000ko hamarkadan egindako azterketen arabera, 10 mila inguru ziren egunero Zizurkilgo erdigunea zeharkatzen zuten ibilgailuak eta horietako asko Asteasuko poligonoetara doazenak dira, kamioi edo ibilgailu astunen kopurua oso handia delarik. Gainera egoerak okerrera egin du  azken urteetan Abiadura Handiko Trenaren lanak direla eta”.

Hamarkadetan proiektua atzeratu ostean 2010eko abenduan saihesbidea egiteko konpromisoa hartu zuen Gipuzkoako Aldundiak baina proiektua bertan behera geratu zen krisi ekonomikoa tarteko, “egoera hobetzean berrekiteko asmoa azalduz. Uneotan, zerga aurreikuspenak krisi aurreko garaira itzultzen ari direla jakinarazten zaigunean, EH Bilduri iruditzen zaio Zizurkilek ezin duela hamarkadak itxaroten jarraitu. Zizurkilek nahikoa itxaron du jada” dio mozioak.

Hori dela eta Zizurkilgo Udalbatzak Gipuzkoako Aldundiari eskatu dio “legealdi honetan proiektua berrekitea, Zizurkilek trafiko aldetik bizi duen egoera gordina aintzat hartuta. Eta gauzapena ez bada ere, bederen, epe zehatzekin bide orri bat marraztea legealdia amaitzerako.Bide horretan, Zizurkilgo Udalaren elkarlana eskaintzen zaio Aldundiari izan litezkeen zalantza eta xehetasunak adosteko”. EAJren eskariz mozioan Aldundiari bilera baten eskaintza zehatza ere egin zaio baina jeltzaleak abstenitu egin dira. Udalbatzaren ebazpena Gipuzkoako Foru Aldundira helaraziko da.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.