Aiztondora egunarekin bat egin dute bailarako Udal guztiek

Aduna, Alkiza, Asteasu, Larraul, Villabona eta Zizurkilgo Udalek bat egin dute datorren larunbatean hilak 21 Zizurkilen ospatuko den Aiztondora egunarekin. Hori adierazten duen idatzia irakurri zuten bailarako zenbait alkate eta zinegotzik Zizurkilgo Udalean. Agenda kontuengatik, Larraul eta Villabonako alkateek ezin izan zuten agerraldian izan, testuarekin bat egin arren.

Idatzian guztien giza eskubideen aldeko jarrera agertu zuten Udal ordezkariek, eta beraz, baita presoen eskubideen aldekoa ere. "Sakabanaketa politika duela 28 urte abian jarri zen eta bere ankerkeria gordinean dirau. Horren adibide dira Aiztondo bailaran dauden bost presoak, penintsularen punta bakoitzera, Galiza, Andaluzia eta Valentziar erkidegoetara urrunduta. Asteburu oro milaka eta milaka kilometro egitera behartuz euren senideak. Arrisku nabariaz gain, sekulako ahalegin ekonomikoa eskatzen du eta bereziki preso horiek seme alabak dituzten kasuetan bikoiztu egiten da ankerkeria. Eskualdean ere baditugu euren gurasoak ikusteko asteburu osoak errepidean pasa behar dituzten haurrak, eta horrek ez du giza eskubide gutxienekoekin zerikusirik" nabarmentzen du testuak.

Euskal presoei salbuespen legedia aplikatzen zaiela salatzen du idatziak eta preso gaixoen egoera bereziki larria jotzen du. "Aiztondo bailaran ondo ezagutzen ditugu sakabanaketaren ondorio gordinenak, auto ezbehar larriak tarteko, ondo ezagutzen ditugu preso gaixoak ez artatzearen ondorioak, Mikel Zalakaini gertatua gogoratu besterik ez dago. Eta bertako udal ordezkariok uste dugu ezin dutela berriz errepikatu, behin ere zentzurik izan ez zuten gorrotozko neurri hauek are zentzu gutxiago dutela garai berrian".

Gauzak honela 5 Udaletatik dei egiten diete herritarrei larunbateko Aiztondora egunean parte hartzera.

Aldarrikapena eta festa

Zizurkilgo Joxe Arregi plaza izango da Aiztondora egunaren erdigunea (Eguraldi txarrarekin Intxaur Frontoia) baina Villabonan emango zaio hasiera jaiari. Hau da egitaraua:

17:30etan: Villabonako errebote plazan brindisa eta Villabona eta Zizurkilgo erraldoiekin kalejira Zizurkilera

18:00ak aldera, ekitaldi nagusia Joxe Arregi plazan

Ondoren, eskualdeko bertsolariak, musika zuzenean eta jan edana: Pintxoak, sagardoa eta gaztainak.

 

 

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.