Indarkeria matxistaren aurkako protokoloa onartu da Zizurkilen

Zizurkilgo eragile ezberdinen artean landu da protokoloa. 20 bat pertsonek parte hartu dute saioren batean edo bestean 15 talde edo eragile ordezkatuz. “Prozesu honen helburua argia izan da: Indarkeria matxista kasu bat gertatzen denean herri bezala erantzutea: Festa batzorde, talde feminista, herriko beste eragile eta Udalak elkarrekin”, nabarmendu du Eva Usandizaga parekidetasun zinegotziak. Protokoloa lantzea izan da helburua, baina bidea bera ez da garrantzi gutxiagokoa izan. Asteotan egin diren lau saioak formazio eta hausnarketa guneak izan baitira, indarkeria matxistaren eta oro har berdintasun ezaren inguruan jabetzeko.

Prebentzioa oinarri

Protokoloak jaietan eman daitezkeen indarkeria matxista (emakumeen zein LGTBI sektoreen aurkako) kasuei egin nahi die aurre eta herriko bi jai nagusietan zein urtean zehar antolatzen diren beste jaietan aktibatuko da. Prebentzioa izango da oinarria, herritarrak kontzientziatzeko bide gisa. “Lehen urte honetan protokoloa beraren berri emango zaie festetan partaide diren eragile guztiei, tabernariei esaterako, eta herritarren artean zabalduko da. Horrez gain, asmoa da prebentzio ekimenak festen aurretik eta festen hasieran txertatzea”, azaldu du Usandizagak. Horretarako talde eragile bat sortzea aurreikusten du protokoloak: Festa batzordeek, Aizan talde feministak eta Udalak osatuko lukete ekimenak dinamizatzeko talde hau. Horrez gain, zabalkunde taldea deitzen zaiona ere baliatuko da, prozesu honetan parte hartu duten persona guztiek osatuko lukete talde eragileak hala eskatu gero ekimenak aurrera eramaten laguntzeko edo deialdiak egiteko.

Eraso kasuetan

Eraso bat gertatzen denerako bide orri bat markatzen du protokoloak. “Lehenengo erasoa identifikatu beharko genuke, eraso fisikoa datorkigu burura baina jazarpen motak anitzak izan litezke eta hori buruan izan behar dugu”, dio Usandizagak. Bide orriaren oinarria, erasotuari laguntza behar duen galdetu eta babesa ematea da, horretarako protokoloak jasotzen dituen informazio eta aukera ezberdinen berri emango zaio. Taberna edo txozna batean gertatuz gero, musika kendu eta erasotzailea tabernatik kanporatzea aurreikusten da. Era berean, gertatuaren berri emango zaio talde eragileari, ahalik eta azkarren, eta talde hau izango da eman beharreko erantzun herritarra koordinatuko duena, informazioa bildu eta kasua aztertu ostean. Hori bai, eraso fisikoen kasuetan edo biktima nahi ez duen zerbait egitera mehatxu bidez behartzen den kasuetan agerraldi publikoa egitea aurreikusten da.

Bide baten hasiera

Behin herriko bi jai nagusiak amaituta, talde eragileak balorazioa egingo du publiko eta protokoloa etengabe hobetzen joatea da helburua. “Bide baten hasiera izatea nahi dugu, esperientziak eta gure lanak erakutsiko digute hurrengo pausuak zein diren, baina indartuta esan nahi dugu Zizurkilen ere ez EZETZ dela eta jaiak guztiontzat eremu askeak izatea nahi dugula”

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.