Zirkorrika jai handia asteburuan, 20. Korrikarako motorra berotuz

Ekitaldi oparoa antolatu dute Korrika Batzordeko kideek apirilaren 1erako. Alde batetik, goizeko 11:00etan, buruhandi eta erraldoiak kalejiran ibiliko dira herrian zehar, Aurrera plazatik abiatuta.

Ondoren, 12:00etan, Loatzo musika eskolako kideek emanaldia eskainiko dute Joxe Arregi plazan. Jarraian, Zirkorrika haur tailerrean parte hartu ahal izango dute etxeko txikienek.

Eta, ekitaldiaren amaiera gisa, luntxa eskainiko zaie bildutako guztiei, eta Korrikako petoak banatuko dira, lekukoa emango dutenen artean.

Hain zuzen, peto horiek jantzita aterako dira apirilaren 4an, asteartean, goizeko 9:30ak aldera euskararen aldeko lasterketan pankartaren aurretik korrika ibiliko direnek. Sacemeko zubitik iritsiko da Zizurkilera, eta herria zeharkatzen ibiliko da tipi-tapa, herritarren berotasuna eta partaidetza bultzatuz.

Apirilaren 4ko arratsaldean, berriz, txikienen txanda izango da, Korrika Txikia egingo baita, 15:25ean Adunako zubitik abiatuta.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.