Onartu dira 2017ko aurrekontuak

2017ko aurrekontuak onartu ditu Zizurkilgo Udalbatzak martxoko batzarrean. 3.078.725 €ko aurrekontuak dira, iazkoak baino % 1,8 handiagoak. EH Bildu eta PSEren aldeko botoarekin eta EAjren abstentzioarekin onartu ziren. Kopurutan iazkoaren antzekoa da, inbertsioetarako geratu den diru kopuruan ordea, igoera bat bada. Iaz 373.000 euro bideratu ziren eta aurten 417.000 euro. Inbertsio nagusia P.M. Otaño plazaren eraberritzerako da, 212.000 euro hain zuzen ere. Joxe Mari Luengo alkateak zehaztu ditu aurrekontuen helburuak. "Zerbitzuei eutsi, zorra ordaintzen jarraitu eta herria eraberritzen". Plazaren berritzeaz gain, Intxaur frontoiko itoginak konpontzeko, Ubareko zubian argiteria berria jartzeko edo herri baratzen ekimena gauzatzeko ere jaso da dirua, besteak beste. Beste zenbait proiekturen oinarriak ere jarri nahi dira. "Plazen berritzearen ostean, Udal gobernuarentzat Bulandegi kaleko inbertsioa izango da hurrengo proiektu handia. Aurten 10.000 euro aurreikusi ditugu proiektua egiteko. Proiektua egitea ez da erraza, Aldundiarena baita errepidea eta horretarako elkarlana ezinbestekoa izango da. Guretzat garrantzia berezia duen egitasmoa da”.

Zorra

Aurten ere aurrekontuko zati handi bat zorra ordaintzeko da . “Miloi bat eta 300.000 euro ingurukoa da gaur egun Zizurkilgo Udalaren zorra. Aurten ere 277.560 € aurreikusi behar izan dira zorra ordaintzen jarraitzeko. 2011tik hona bi miloi euro kendu dugu zorretan. 6 urte daramatzagu diru kontuak ixten mailegurik eskatu gabe eta besteek utzi zizkiguten zorrak ordainduz. Zama handia da baina zorionez txikitzen goaz", nabarmendu du alkateak.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.