Hondakinen bilketa sistema aldatzeko akordioa lortu dute EH Bilduk eta PSE-EEk

Zizurkilgo EH Bildu eta PSEk, arduraz jokatuz akordioa lortu dute hondakinen bilketa sistema hobetzeko helburuarekin. Hauek dira akordioan jaso direnak:

2013ko udaz geroztik urrats handia eman du Zizurkilgo udalerriak hondakinen gaikako bilketari dagokionez eta horregatik, lehenik eta behin, Zizurkilgo herritarren gehiengoari eskerrak eman behar zaizkio bide honetan izan duten arduragatik. Hori esanda, oraindik ere badira hobetzeko aukerak eta, horregatik, orain arte lortutakoa nahikoa ez delakoan, hondakinen gaikako bilketa hobetzeko bidean Zizurkilgo Udalean ordezkaritza dugun EH Bildu eta PSE-EE alderdiek, hondakinen egungo bilketa sistemaren egokitzapena gauzatzea adostu dugu. Adostasun honen ondorioz, ontzi arinen bilketarako edukiontzi horiak eta papera eta kartoiaren bilketarako edukiontzi urdinak ezarriko dira bide publikoan.

Aipatutako adostasuna ez da mugatzen edukiontzi ezberdinak bide publikoan jartzera. Aldaketa honen bitartez, akordio hau sinatzen dugun alderdiok ondoko helburuak betetzeko konpromisoa hartzen dugu:

- Aldaketak martxan jarri eta 6 hilabeteko epean %70eko gaikako bilketa lortzea.

- Aldaketak martxan jarri eta 18 hilabeteko epean %80ko gaikako bilketa lortzea.

Helburu horiek lortzeko bidean ondokoa adostu dugu:

- Aldaketen berri emateko kontzientziazio kanpaina ezberdinak egingo dira aurrez aipatutako bilketa mailak lortzeko helburuarekin.

- Ingurumenarekin konprometitutako herria lortzeko, hondakinekiko jarrera arduratsua bultzatzeko konpromisoa hartzen dugu alderdi politiko ezberdinok.

- Bilketa sistemaren jarraipena egiteko jarraipen batzordea eratzeko konpromisoa hartzen dugu, non Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoez gain, udal teknikariak eta hondakinen inguruan lanean ari diren herritar taldeak parte hartu dezaketen

- Jarraipen batzordea 6 hilabetez behin bilduko da gutxienez, beharrezko balitz, neurri zuzentzaileak eta hobekuntzak proposatuz zehaztutako helburuak lortzeko.

Akordio hau sinatzen dugun alderdiok, aipatutako helburuak lortzeko bidean, gaikako bilketa bultzatzeko ekintzak garatzeko konpromisoa hartzen dugu gure gain, bilketa ereduaren etengabeko hobekuntza bilatuz.

 

Sistema honen bidez beraz:

o Ontzi arinak eta papera albo kargako edukiontzien bitartez jasoko dira. Guztira 18 bilketa puntu jarriko dira.

o Errefusa eta organikoa atez ate jasoko da, orain arte bezela.

Organikoa astearte, ostiral eta igande gauean, jasoko da.

Errefusa larunbat gauean jasoko da.

o Beira, arropa eta olio bilketan ez dago aldaketarik, orain arte bezela edukiontzien bitartez jasoko dira.

o Komertziotako kartoia astearte eta ostiral gauean jasoko da, atez ate.

o Traste zaharrak astelehen iluntzean atera behar dira, edukiontzien aldamenera. Aldez aurretik mankomunitateko telefonora deitu behar da (943676216).

 

Aldaketen berri emateko informazio orri bat buzoneatuko da komertzio eta etxeetan. Osagarri bezela, hezitzaile batek komertzio guztiak bisitatuko ditu informazioa zuzenean emateko ere, eta informazio bulegoa Aurrera plazan egongo da herritarren eskura.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.