Tasetan %1eko igoera onartu du udalbatzak

3 urtez igo gabe egon ostean, tasetan %1eko igoera onartu du Zizurkilgo udalbatzak. Joxe Mari Luengo alkateak azaldu duenez, “3 urte izoztuta egon ostean %2 proposatu genuen Udal gobernutik baina adostasunaren izenean ehuneko 1ekoa onartu genuen. Ezin da esan planteatzen zen igoera justifikaezina dela, 3 urtez igo ez direnean”. Gainera sozialisten kritikari erantzunez, zera gogoratzen du alkateak: “Zizurkilgo udala ia 30.000 euro itzuli beharrean da Gipuzkoako foru aldundira aurten PNV eta PSEk aberastasun handien zerga kendu eta aurreikusi baino diru gutxiago bildu dutelako. Hori bai dela gizartearen aurkako politika egitea, gehien dutenei zergak jaitsiz azkenean ekimenak aurrera eramateko diru gutxiago baitago”.

Hondakinen tasa

Hondakinen tasari dagokionez % 5eko igoera onartu zuen Udalak EH Bilduren botoekin. “PNV eta PSEk bultzatzen duten erraustegia eraikitzeagatik soilik hondakinen kontsorzioaren faktura bikoiztu egingo dela aurreikusten da, jada 2016ko urte hasieran %40ko igoera izan zuen errefusa eta horganikoaren tratamentuagatik ordaintzen denak bi alderdi horien ekimenez. Horren aurrean, eta oraindik Udalean dugun zorra ikusita, ezin dugu besterik egin eta oposizioko alderdiek ere badakite. Hori bai gogoratu behar da egoki birziklatzen dutenek hobariak dituztela”, zehaztu du Luengok.

 

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.