Eskola bide seguruen inguruko bilera irekia-Irailak 15

Aurten ere gainean da Europako Mugikortasunaren Astea eta, urtero bezala, irailaren 16tik 22ra bitartean ospatuko da. Jakitun izanda ere urtean astebeteko jarduna ez dela nahikoa garraio jasangarriago baten bidean urratsak emateko, aukera ezin hobea da gaiaren inguruko herritarren iritzia eta ekarpenak biltzeko.

Aurtengo urtean, Eskola bide seguruen azterketa xume bat burutzen ari gara eta egindako diagnosia partekatu nahi da Pedro Mari Otaño Herri Eskola eta Zubimusu Ikastolako zuzendaritzak, bi ikastetxeetako gurasoak eta interesa izan dezaketen herritar ororekin.

Diagnosirako, lehenik, ikastetxerako joan etorrietan ibilbide nagusienak izan daitezkeenak zehaztu dira eta, ondoren, ibilbide horiek bere baitan dauzkaten puntu beltzak identifikatu dira, bai bide segurtasunaren ikuspegitik eta baita ere irisgarritasun baldintzen ikuspegitik.

Udalak bere aldetik egiten duen diagnosi hau zuokin partekatu nahi du, identifikatutako ibilbide nagusi nahiz puntu beltzen inguruko zuon iritziak eta ekarpenak jasotzeko, bestelako ibilbiderik edo puntu arriskutsurik identifikaturik bazenukete horiek ere jasotzeko.

Gure umeentzako ibilbide seguruak bermatzen diren heinean , Zizurkilgo herritar oro izango da horren onuradun, ibilbideen egokitasunagatik, oinezkoen joan-etorri gehiago egiteagatik eta, azken finean, autoen erabileragatiko zarata gutxiago edo CO2 isurketa gutxiago eragiteagatik. Guzti horren emaitza Zizurkil herri osasuntsuago eta ingurumenarekiko jasangarriagoa lortzea izango da.

Guzti hau kontutan hartuta, irailaren 15ean, osteguna, arratsaldeko 18:00etan, Plazida Otaño liburutegian, burutuko den bilera irekian parte hartzera gonbidatzen zaituztegu.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.