Urte amaiera aldera hasiko dira P.M. Otaño plaza berritzeko lanak eta lan horien baitan zuhaitz berria landatuko da. Zuhaitzaren alde egin zuten herritarrek maiatzaren 9tik 16ra egin zen galdeketan, gehiengo handiz. Orain, orduan agindutakoari jarraituz, zein zuhaitz aukeratu erabakitzeko unea da.
Abuztuaren 15 eta 16an
Horretarako, aurrez iragarri bezala, herriguneko edo Zizurkil goiko festak erabiliko dira. P.M. Otaño plazan bertan erakusketa bat jarriko da abuztuaren 15 eta 16an, eguerdian, herritarrek aukera egin dezaten. Udalak, besteak beste, Fraisoro nekazal eskolarekin hitz eginda, Euskal Herrian errotutako 3 zuhaitz mota proposatu ditu: Lizarra, pagoa eta haritza. Erakusketan bakoitzaren ezaugarriak azalduko dira herritarrek erabakia har dezaten. Parte hartzeko Zizurkilen erroldatuta egotea ezinbesteko baldintza izango da.