Senidetze asteburu betea

Maiatzeko azkena, senidetzeari lotutako asteburua izango da zizurkildarrentzat. Bi urtez behin egin ohi den gisan, Kataluniako Lladoko herritarren bisita izango dugu asteburuan Zizurkilen. “2013an hasitako harremana jarraituz, hurrengo urtean aho batez erabaki genuen udalbatzan Lladorekin senidetzea. Estaturik gabeko bi nazioetako kideak gara, bi herri txikitakoak, eta harreman polita sortu da gure artean”, nabarmendu du Eva Usandizaga zinegotziak.  Urte osoan zehar Llado eta Zizurkilgo herritarren eta herriko taldeen arteko harremanak badiren arren, urtean behin elkartzen dira Lladoko eta Zizurkilgo herritarrak talde handitan, urte batean Katalunian eta hurrengoan Euskal Herrian.

Ostiralean harrera

Lladoko herritarrak ostiral gauean iritsiko dira Zizurkilera. “Beste aldietan Atxulondon egin izan diegu harrera eta aurten Zizurkil gora aldatu dugu. Zimiterioan egingo diegu harrera. Taldetxo bat ari da guztia prestatzen: Dantza, musika, ikus entzunekoa… denetik izango da”. 21:30etan jarri dute zita eta jan-edanak ere izango dira.

Larunbatean, aldiz, Asteasura joango dira zizurkildar eta kataluiniarrak. “Aiztondo bailara eta El Salvador-ko Meanguera herriaren arteko senidetzearen 24garren urteurrena da, eta aurten Asteasun egingo da senidetze eguna. Zizurkildik oinez joango gara Asteasura herriko bazterrak ikusiz, goizeko 10etan abiatuta”. Asteasun bertan egun osoko ekitaldiak izango dira eta baita herri bazkaria ere. “Kataluniako Vidrieres herriko talde bat Asteasura dator, eta eurek prestatuko dute bazkari berezia”. Bazkarirako txartelak ohiko lekuetan daude 15 euroren truke.

Sagardotegia

Larunbata amaitzeko zizurkildar eta Lladoko herritarrek sagardotegia egingo dute Adunako Zabalan. 20:30etan jarri dute ordua eta nahi duen orok bertaratzeko aukera izango. “Zizurkildarrak animatzen ditugu ekintzetan parte hartzera eta Kataluniako herritarrekin dugun lotura sendotzera”.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.