Zizurkilgo Udalak eta Kutxabank-ek kutxazaina berrezartzeko hitzarmena sinatu dute

Urtarrilaren 29an, aurrez abisurik eman gabe kendu zuen Kutxabank-ek herrian zuen kutxazain bakarra. Harez geroztik hamaika bilera, sinadura bilketa eta udalbatzak aho batez onartutako mozio bat ere izan dira. “Kutxabank-ek kentzeko erabakia hartua zuen, eta hasieran zaila bazirudien ere, guztion artean lortu dugu atzera egitea. Merkatarien, herritarren eta Udalaren elkarlanak eman ditu fruituak”, argi du hori Joxe Mari Luengo alkateak. “Pozik egoteko modukoa da, baina era berean argi dugu Kutxabank-ek egin dezakeen gutxienekoa dela Zizurkilen kutxazain bat edukitzea, ez da egin diguten oparia, euren betebeharra baizik”, nabarmendu du.

Atxulondo kultur etxean

Maiatzaren 12an sinatu zuten hitzarmena Zizurkilgo alkateak eta Mikel Huarte Kutxabank-eko Tolosaldea-Goierriko zuzendariak. Aurrez, apirileko udalbatzan aho batez onartu zuten hitzarmena Udaleko alderdi guztiek. Adostutakoaren arabera, kutxazain berria Atxulondo kultur etxean kokatuko da. “Udalak proposamen bat egiteko, berea izan behar zuen eraikinak eta Kutxabank-ekin aztertuta egokiena hori ikusi genuen, erdigunean dagoelako”, nabarmendu du alkateak. Hitzarmenean gutxienez 3 urteko zerbitzua bermatzeko konpromisoa hartzen du Kutxabank-ek. “Herriak zerbitzu bat ez galtzea eta bertako komertzio bizitza lehenetsi dugu eta era berean, argitu behar da proposamen berbera beste finantza erakundeei ere aurkeztu diegula”. Alkateak eskerrak eman nahi izan dizkie sinadura eman duten herritarrei eta bereziki merkatariei eta lanak ahal den azkarren egingo diren esperantza azaldu du.

 

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.