Apirilaren 23an irekiko ditu ateak Plazida Otaño Aiztondo bailarako liburutegiak

Liburuaren Nazioarteko Egunarekin batera inauguratuko da Zizurkil, Aduna, Alkiza, Asteasu eta Larraulek bultzatutako bailarako liburutegia.

Inaugurazio-ekitaldia goizeko 11:30ean izango da. Bukalai dantza taldearen eta Loatzo musika eskolako musikaren parte-hartzearekin, gonbidatuei ongi etorria egingo zaie. Ondoren, hitza hartuko dute udal-ordezkariek, liburutegia aurkezteko eta bertaratuei harrera egiteko. Ekitaldiaren amaiera gisa, luntxa egongo da bildutako guztientzat.

Jarraian, Maria Altuna artista zizurkildarraren erakusketaren inaugurazioa egingo da. Bestalde, Gela Balioanitzean, bailarako eta bertako jarduera eta bizitzari buruzko etengabeko bideo emanaldia egongo da.

13:00etatik aurrera, ipuin-kontaketak izango dira, herriko hainbat elkartetako kideren eskutik. Hain zuzen, 13:00etan, 6-8 urte bitarteko umeentzako kontaketa izango da, Zubimusu ikastolako gurasoen eskutik. 16:00etan, 8-10 urte bitarteko umeentzako kontaketa izango da, San Millan ikastetxeko gurasoen eskutik. 17:00etan, 12-14 urte arteko gaztetxoen txanda izango da, AIZAN talde feministako kideen eskutik. Azkenik, 18:00etan izango da txikitxoenen txanda.. 0-5 urte arteko umeentzako ipuina kontatuko dute Pedro Mari Otaño ikastetxeko gurasoek.

Plazida Otaño liburutegia liburutegi berritzailea izango da, ohiko liburutegietatik haratago doana. Hainbat motatako zerbitzuak eskainiko ditu: Internet eta ofimatika gunea, 3 D inprimagailua, grabazioak egiteko kamera, erakusketa-gunea, tailerrak, ikus-entzunezko gunea, haur txokoa, haur liburutegia, ikasgela, bideoteka, egunkarien hemeroteka eta aldizkariak...

Aiztondo bailarako liburutegia izaki, Aiztondo bailarako herrietako bilduma ere izango du, bailarako herriekin lotutako dokumentuak, baita bailararekin lotura duten pertsonek egindakoak ere: liburuak, aldizkariak, argazkiak, liburuxkak, bideoak, CDak eta beste hainbat material.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.