Aho batez onartu dira 2016ko aurrekontuak

Apirilaren 11an egin zen udalbatzan onartu ziren 2016ko aurrekontuak. Alderdi politiko guztiek aldeko botoa eman zuten, legealdiko lehen aurrekontuak aho batez onartuz. 3 milioi euroko diru partida izango du aurten Zizurkilek, iaz baino ia 300 mila euro gutxiago. “Ez dira aurrekontu errazak izan, Aiztondoko liburutegian agindutako diru laguntzak iritsi ez direnez, Udalak ekarpena handitu behar izan duelako. 281.560 €ko ekarpena aurreikusi dugu azkenean, lanak bukatzeaz gain zerbitzua martxan jartzeko beharko dena”, azaldu du Joxe Mari Luengo alkateak. Diru sarreretan 300.000 euroko murrizketa, berriz, erraza da azaltzen. “Iaz jaso genuen Aldunditik liburutegirako 250.000 euroko diru partida eta Jaurlaritzatik igogailua egiteko beste laguntza bat ere bai, aurten inbertsiorako agindutako laguntzarik ez dugu momentuz”, zehaztu du.

Liburutegirako hasieran aurreikusi baino ditu gutxiago jaso denez laguntzetan beste inbertsio batzuk atzeratuko dira,” baina jarraituko dugu diru laguntza duina borrokatzen, horrelako proiektu kultural bateratu bat ez laguntzea lotsagarria iruditzen zaigu” nabarmendu du alkateak.

P.M. Otaño plaza

2016an Udaletik lehenetsi den beste inbertsioa, Zizurkilgo P.M. Otaño plazakoa da. “Erabaki dugu ezin dugula itxaron. Lehen etxebizitza proiektuari lotzen genion berritzea baina ezin dugu zain egon. Osotasunean berrituko da urte bukaeran hasita eta 2017an amaituz. Horrela diruaren zati bat aurtengo aurrekontuetatik bideratuko dugu eta beste bat hurrengoetatik, liburutegiarekin egin dugun bezala. Osotara 125.000 euroko aurrekontua du”.

Gainontzean, aldaketa handirik jasotzen ez duten aurrekontuak dira. “Azken urteetan izoztuta izan ondoren, langileei %1 igoko zaie soldata, legeak uzten digun gehiena da. Horrek igoera bat ekarri du langileen partidan. Bestelakoan, batzordeenak bere horretan mantenduko dira, gutxi gora behera”.

Zorra

Urtez urte, aurrekontua mugatzen duen elementu nagusietako bat zorra da. Udala etengabe ari da zorra murrizten azken 5 urteetan, 2011tik aurrera ez baitu mailegurik eskatu. 2015 urtea milioi bat eta sehieun mila euro euroko zorrarekin amaitu du Zizurkilgo Udalak. “Aurten ere inbertsio handiena baino gehiago, ia 300.000 euro bideratuko ditugu soilik zorra ordaintzera. Honek beti mugatzen gaitu aurrekontuak egiteko orduan”, nabarmendu du Luengok.

 

 

 

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.