Benardo Arregik esker onez jaso du 2016ko txapeldun titulua

XXIII. Txapel Eguna, eguraldia lagun, borobila izan zen. Arratsaldea hasteko, musean aritu ziren 10 bat  bikote zentroan. Eta batzuetan kasualitateak horrela izaten dira, Benardo Arregi bera izan zen txapeldun, Pello Garinekin bikotea osatuta.

Frontoia beteta

Arratsaldeko 18etan ikuskizun ederra eskaini zuen Bukalai dantza taldeak Intxaur frontoian. Frontoia erabat beteta zela, herriko haur eta gaztetxoek dantzarako duten trebezia erakutsi zuten hamaika doinuren erritmoan ordubeteko saioan. Ondoren, guztientzako merienda izan zen. Iluntzeko zortzietan, Txapeldunen triki-poteoari ekin zitzaion herriko tabernetan, Iratxe Geresta eta Itxaso Erasun trikitilari bikotea lagun zela. Giro ederra jarri zuten iluntze partean.

Txapela hunkigarria

Gaueko 21etan afaritara bildu ziren 70 bat pertsona, afariko txartel guztiak aurrez salduta zeuden. Afal ostean, festa batzordearen izenean esker hitzak entzun zituen Bernardo Arregik, presoen aldeko lana, eta bertso saioa eta txozna antolatzen urteetan egindakoa nabarmenduz besteak beste. Ondoren, Arantxi Usabiagak jarri zion 2016ko txapeldun dela erakusten duen txapela, txalo zaparrada handi bat lagun. Iazko txapeldun Anjel Usabiaga, “Malli” zena izan zen, eta familiaren ordezkari jarri zion Txapela Arantxik Bernardori.

Txapela buruan, Bernardok berak hitz batzuk esan nahi izan zituen familia eta urteotan herriko lanetan inguruan izan dituenak gogoratzeko. Etxerat-eko kideek ere oroigarri bat eman zioten, hamarkadetan presoen eskubideen alde egindako lana eskertzeko. Bernardoren anaia Joakinek ere pare bat bertso eskaini zizkion. Amaitzeko, Haritz Mujika eta Amaia Agirre bertsolariek bertso saio bizia eskaini zuten, barre algarak eraginez.

Honenbestez amaitu zen aurtengo txapela eguna. Txapelaren ordain gisa, abuztuko festetan Benardo Arregik jaurtiko du hasierako suziria.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.