Kutxabank-en aurkeztu dituzte Udalak eta merkatariek mozioa eta sinadurak

 

Hilabete terdi joan da Kutxabank-ek Zizurkilen zuen kutxazaina kendu zuenetik. "Epe horretan, Udalak proposamen zehatza egin dio Kutxabank-i kutxazaina berrezartzeko, bilerak ere izan dira bi aldeen artean baina erantzunik ez. Bi aldiz gainditu ditu Kutxabank-ek proposamen horri erantzuna emateko epeak. Epe horiek errespetatu ditugu guk, zain izan gara, baina erantzunik ez dugu oraindik", azaldu du haserre Joxe Mari Luengo alkateak. "Ematen du nahita ari direla epeak luzatzen urak baretu daitezen baina jarrera horrek haserrea areagotu digu. Merkatariekin hitz egin eta hemen gatoz batuta, zizurkildarrak haserre gaudela argi ikus dezaten" nabarmendu du Luengok.

Otsailaren 24an udalbatzak aho batez onartu zuen Kutxazaina berrezartzea eskatzen zuen mozioa. Mozio hori eta aste hauetan guztietan herriko saltokietan bildutako 700 sinadurak eraman dituzte Udal ordezkariek eta merkatariek Villabonan Kutxak duen bulegora. "Zizurkilen dirua ateratzeko dagoen zerbitzu bakarra kentzen badute, jendeak dirua Villabonan aterako du eta erosketa guztiak han egin" azaldu dute haserre herriko merkatarien ordezkariek. "Kutxabank-ek ikuspuntu soziala aipatzen du baina horrelako erabakiekin kontrakoa erakusten du" salatu dute. 700 sinadura horiek biltzen dituen idatzian zerbitzua berrezartzeko eskaeraz gain honakoa jasotzen da, "hala egin ezean, pentsatuko dugu harremanetan jarraitu edo ez erakunde honekin". Udalbatzak aho batez jasotako mozioan ere argi jasotzen da hori. "Udalak baditu ditu kontuak Kutxabank-en eta jakina horren ganeko erabakiak hartuko ditugula gure proposamenari ezezkoa ematen badiete", nabarmendu du alkateak.

Villabonako Kutxabank-eko zuzendariak merkatariei entzun eta aurrez Udal ordezkariei esan moduan, eskakizuna jasota dagoela berretsi zien baina erantzun zehatzik eman gabe.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.