Atxulondo kultur etxeari buruzko parte hartze prozesua martxan

Atxulondo Kultur Etxea da herrian dugun kultur ekipaziorik zabalena. Liburutegi berriarekin, egun zerbitzu honek Atxulondon okupatzen duen espazioa libratuko da epe motzean. “Espazio hau nola edo zertarako erabili pentsatzen hasi ginenean, konturatu ginen galdera haratago luzatu behar zela. Nolabait, Atxulondo kultur etxearen eraikina bere osotasunean aztertu eta herrian dauden kultur beharrei ahalik eta ondoen erantzuteko moduan antolatu nahi dugu. Alegia, etorkizuneko Zizurkilgo Kultur Etxearen antolaketa da marraztu nahi duguna”, azaldu du Ion Ander Esnaola parte hartze eta komunikazio zinegotziak.

Horretarako, parte hartze prozesu honen helburua, beraz, herriko kultur, kirol eta maila sozialean mugitzen diren taldeei galdetuz, Zizurkilgo kultur beharren argazkia ateratzea da. “Euren ekarpenekin, behar nagusiak ezagutu eta Udal teknikari eta ordezkarien eskutan utziko ditugu, Atxulondo eraikina birmoldatzeko prozesuan kontutan hartu dezaten. Etorkizuneko Atxulondo guztiona sentitzea da helburua”,  gehitu du Esnaolak.

Prozesua martxan da jada: Urtarrila eta otsailan zehar herriko taldeekin elkartu dira batzordekideak eta euren taldeetan gaiaren inguruan hausnartzeko tartea utzi ondoren, martxoaren 1ean egingo den batzarrera gonbidatu dituzte. Batzar honetan, talde guztien zein hurbiltzen diren herritarren ekarpenak bilduko dira. Bide berean,  herritarrek beste aukera bat ere izango dute Atxulondon ikusten dituzten beharren gaineko ekarpenak egiteko. “Atxulondon, Egarrin, Iriarten, Saskin eta Ogi Zurin postontziak jarri ditugu eta galdetegia beteta bertan utzi dezakete beraien ekarpena”. Martxoan ekarpen guzti hauek aztertu eta txosten batean bilduko ditu Parte hartze eta Komunikazio batzordeak. “Batzar batean aurkeztu ondoren, Udalaren esku utziko dugu txostena, etorkizuneko Atxulondoko diseinuan kontuan har dezaten".

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.