Badator Olentzero Zizurkilera!

Zizurkildarrek, iaz egin zioten Olentzero eta Maridomingiri harrera lehendabiziko aldiz. Aurten ere berriro etorriko dira bisitan. 17:30etan abiatuko dira Urkamenditik Joxe Arregi Plazara bidean.

Iaz arte, Olentzerok eguerdi partean egiten zuen Zizurkilen sartu-irtena, Elbarrenan zein Zizurkil Goian kantuan aritzen ziren haurrei bisita egiteko. "Iaz saiakera egin zen Olentzero eta Mari Domingiren etorrera handiago bat antolatzeko arratsalde partean, ikastetxe, guraso, zenbait elkarte eta Udalak elkarlanean", azaldu du Maite Amenabar kultura zinegotziak.

Zenbait aldaketa txiki

Udalak, Zubimusu Ikastolako zein Pedro Mari Otaño Ikastetxeko guraso elkarteekin, Bukalai dantza taldearekin eta Loatzo musika eskolarekin batera antolatu du Olentzero eta Maridomingiren ongietorria. Dena prest da jada.

Iazko esperientziatik ikasiz, aurtengorako aldaketa txiki batzuk egin dituzte: Batetik, irteera ordua atzeratu egin dute. 17:30etan abiatuko dira Urkamenditik, eta 17:45ak inguruan Joxe Arregi Plazara iristea espero dute. Bidean, eguna iluntzea espero da, baina, Pedro Mari Otañoko eta Zubimusu Ikastolako gurasoek antortxekin argituko diete bidea. Astoa lagun etorriko dira Zizurkilera.

Herritarren kantu eta dantzak

Joxe Arregi plazan itxarongo diete herritarrek Olentzero, Mari Domingi eta euren laguntzaileei. Hala ere, bidean zehar itxaron nahi dutenentzat, plazaraino egingo duen ibilbidea hau da: Urkamenditik abiatuko dira Azken Portu aldera. Hemendik, errepidea gurutzatu eta futbol zelai atzekaldeko bide gorritik egingo dute plazaraino iritsi arte. Behin bertan daudela, Olentzero eta Maridomingi estenatokira igoko dira. Jarraian, Bukalai dantza taldeko dantzariek hiruzpalau dantza eskeiniko dizkiete, eta Loatzo Musika eskolako ikasleek euren musikarekin eskertuko diete bisita. Honen ostean, haur eta helduek “Ole Olentzero” gabon kanta abestuko diete etorri berriei. Eta nola ez, txikienek Olentzero eta Mari Domingiren egoteko aukera izango dute euren nahien berri emateko.

 

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.