Aitorpen berezia jaso dute Talleres Arrastoa eta Zizurkil elektrizitatea enpresek, euskararen aldeko urratsak egiteagatik

Tolosaldeko Lehiberri zentroan izan da, Tolosaldeko lan-mundua euskalduntzeko dinamikaren aurkezpen ekitaldian. Dinamikaren helburua da Tolosaldean sare bat osatzea, euskaraz lan egin nahi duten enpresekin.

Lan-mahai bat eratu da dinamika bultzatzeko, hainbat eragilek osatua: Galtzaundi, Kontseilua, UEMA, Tolosaldeko hainbat udaletako Euskara Zerbitzuak, Tolosaldeko Lanbide Heziketako ikastetxeak, eta ELA eta LAB sindikatuak.

Dinamikaren aurkezpen-ekitaldian, Kike Amonarrizek Tolosaldeko datu soziolinguistikoak eman ditu, eta nabarmendu du Tolosaldeko herritarren % 75 inguru euskaldunak direla. Ondoren, Joseba Barandiaran ekonomialariak aipatu du zer onura dituen euskal enpresentzat euskara erabiltzeak, are gehiago horren eskualde euskaldunean.

Jarraian, Fagor kooperatibako eta Oreka IT enpresako ordezkari bana igo dira taula gainera, euskararen erabilera bultzatzeko beraien enpresetan abian jarritako ekimenen berri emateko, eta Tolosaldeko enpresak bide beretik jardutera animatzeko. ELA eta LAB sindikatuek ere hartu dute hitza, langileek euskararen erabilera sustatzeko zer egin dezaketen azaltzeko. Enpresaren ardura bada euskararen erabilera sustatzea, baina langileen eskubidea ere bada beren hizkuntza-eskubidea errespetaraztea.

Ekitaldiaren amaieran, lanbide heziketako ikastetxeek hartu dute hitza, lan-mahaiaren berri emateko eta aurrera begirako urratsen berri emateko. Horrez gain, ekitaldia aprobetxatu dute Tolosaldean euskararen aldeko urratsak egin dituzten enpresei aitorpena egiteko. Hamabi enpresari egin diote aitorpen berezia, tartean Zizurkilgo Talleres Arrastoa eta Zizurkil elektrizitatea enpresei.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.