Zizurkilgo neska kirolarien mahai-ingurua, abenduaren 11n

Iluntzeko 19:00etan, Atxulondo kultur etxean, Lurdes Gorostegi pultsulari ohia, Aitziber Ibarbia korrikalaria, Nagore Iraola hesilari ohia eta Maitane Aburuza pala-jokalaria elkartuko dira, beraien kirol-bizitza errepasatzeko eta, beraien bizipenetatik abiatuta, mahai-ingurura biltzen diren neskei aholkuak emateko.

Kirol Astea bete-betean sartuta dago. Abenduaren 12an, larunbatean, kirolak ez du etenik izango egun osoan zehar; izan ere, 12 orduz kirolean jardungo dute. Txikienak hasiko dira aurrena, goizeko 10:00etan kirol eta jokoak izango baitituzte Intxaur frontoian. Ondoren, hamaiketakoa eta opari-banaketa izango dituzte.

12:00etan, Halterofiliako Eguberrietako Torneoa jokatuko da Intxaur frontoian.

Iluntzeko 20:00etan, Urrezko Aizkolarien Kopako finalaurrekoa jokatuko da. Bertan lehiatuko dira Joseba Otaegi zizurkildarra eta Juan Jose López Azpilikueta lezaundarra. 14 kana erdiko moztu beharko dituzte.

Ondoren, Urrezko Harrijasotze Txapelketa jokatuko da. Aurrez aurre ibiliko dira Izeta IV.a aiarra eta Urra zarauztarra. 100 kiloko kopa, 100 kiloko koadroa eta 100 kiloko bola altxatu beharko dituzte.

Gaueko 22:00etan, XIX. Gau Krosa korrituko da. 2002tik aurrera jaiotakoak aterako dira aurrena, 1 kilometroko ibilbidea egiteko. Ondoren, 22:30ean, helduen txanda izango da.

Azkenik, abenduaren 13an itxiko ditu ateak Kirol Asteak, Zizurkilgo V. Pilota Txapelketako finalekin. Goizeko 10:00etan hasiko dira partidak, Intxaur frontoian. Zizurkilgo Ziotza pilota eskolak antolatutako txapelketa da.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.