Zizurkilgo udalbatzak Saharar kanpamentuetarako ez ohiko laguntza onartu du

Saharar herriaren egoera gogorra ez da berria. 1975 ean Marokok martxa berdearen bidez egotzi zituenetik, 180.000 saharar giza laguntzaz bizi dira Argelian, Tindouf hiritik gertu kokaturik dauden errefuxiatu guneetan.

Baina azken asteetan zuten gutxia ere galdu dute, urriaren 17an hasi eta aste guztian zehar iraun duen eurite izugarrien ondorioz. Milaka dira etxe gabe geratu direnak, eta gordeta zituzten elikagai ugari ere galdu dira. Azken urteetan behera egin du erakundeen giza laguntzak, eta uholde hauek kinka larrian jarri dute saharar herria.

Egoera honetan, EH Bilduk proposamena eraman zuen udalbatzara. “Zizurkilek konpromiso sendoa du garapeneko laguntzekin. Euskal Fondoaren bidez, bereziki El Salvador-en bultzatzen ditugu proiektuak, Meanguera bertako herriarekin senidetuta baikaude 90eko hamarkadatik. Oraingoan ordea, iruditzen zitzaigun sahararrei keinu bat egiteko unea zela”, azaldu du Eva Usandizaga internazionalismo eta giza eskubide zinegotziak. Horrela, Zizurkilgo Udalbatzak, aho batez, ez ohiko 500 euroko dirulaguntza onartzea erabaki du, momentuko egoera larrian laguntzeko. Era berean, zizurkildarrei bando bidez Saharar herriaren egoeraren berri ematea onartu da. Azkenik, Zizurkilgo udalbatzak saharar herria kolonizatua dagoela salatzen du eta autodeterminazio eskubidea duela aitortzen du. “Sahararrak beren herrira burujabe itzultzea da irtenbidea” azpimarratu du Usandizagak. Datozen egunetan banatuko da bandoa herrian.

 

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.