Agenda 21 proiektuaren baitan herriko ikastetxeetan izan dira Udal ordezkariak

Joan den ikasturtean mugikortasuna landu zuen herriko ikastetxeek Agenda 21 programaren baitan. Ikasturtearen amaieran Udalari zenbait proposamen egin zizkioten eta horiek aztertuta, erantzunak besapean zituztela joan dira ikastetxeetara Joxe Mari Luengo alkatea eta Maite Amenabar hezkuntza zinegotzia. "Garrantzitsua da haurrek ere ikus dezaten aztertzen ditugula euren proposamenak", nabarmendu dute Udaletik.

4 proposamen

4 proposamen zehatz egin zituzten ikastetxeek, bidegorri sarea osatzea, Udaltzaingoak kotxe hibidroa izatea, bizikleta aparkaleku egokiak jartzea eta semaforoan itsuak kontuan izatea. Bidegorri sareari lotuta, Zizurkilek sare osatua duela azaldu zieten Udal ordezkariek baina eskaera aintzat hartuta konpromezua hartu zuten gaur egun Adunarekin lotzen duen oinezko bidea legealdi honetan bertan erabat asfaltatzeko. Kotxe hibidroaren kasuan, oraindik kotxe elektriko hauek oso garestiak direla azaldu zen baina Udalak jakinarazi izen ikasleei diru laguntza eskatua diola Jaurlaritzari kotxe hibidro bat erosteko. Bizikleta aparkalekuen kasuan, Udalak konpromezua hartu du Zubimusu ikastola parean puskatutakoak kendu eta berriak jartzeko eta Danena Futbol zelaiaren sarreran ere aparkalekua jarriko du. Azkenik, itsuentzako semaforoari dagokionez, Zizurkilek duen semaforo bakarra Aldundiaren eskumenekoa dela azaldu zieten Udal ordezkariek ikasleei eta eskaera Aldundiari bideratuko zaiola esan zieten.

Ikasturte honetan kontsumoa izango dute aztergai haurrek Agenda 21 programan.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.