Salgai daude Azoka Bereziko bazkarirako txartelak

Egarri eta Iriarte tabernetan erosi ahal izango dira txartelak, 20 euroren truke.

Ate-joka dugu Azoka Berezia, urriaren 11n izango baita, hurrengo igandean. Egitarau oparo-oparoarekin dator, gainera, adin nagusitasunera iritsi dela aprobetxatuz.

Goizeko 11:00etan irekiko ditu ateak, eta 11:00etatik 14:30era bitartean eta 16:30etik 19:30era bitartean, herriko zein kanpoko artisau eta nekazarien produktuak ikusi eta erosteko aukera izango dugu.

Ondoren, 12:00etan, etxeko txikientzako txanda iritsiko da, puzgarrietan eta jolasetan ibiltzeko parada izango baitute.

Goizean zehar galdutako energia berreskuratzeko, zer hobea bazkari goxo bat hartzea baino. Horretarako aukera izango da Zimiterioan eskainiko den bazkari herrikoian. Txartelak salgai daude Iriarte eta Egarri tabernetan, 20 euroren truke. Menua honakoa da: Piper beteak, entsalada mistoa, salda, oilaskoa, postrea eta kafea eta likoreak.

Arratsaldeko 17:00etan, umeen txanda izango da berriro. Eskaintza oparoa dute horretarako: poniak, puzgarriak eta jolasak.

18:30ean, erronka polita ikusi ahal izango da; izan ere, emakumeen giza proba jokatuko da Oiartzun eta Zeanuri herrien artean.

Jaiari amaiera emateko, dantzan jarriko ditugu bildutako guztiak, Bihozkada taldeak emango duen kontzertuarekin.

Udalak jakinarazten dizue autobusa egongo dela, doan, herritar guztien eskura, Bulandegi Bideko errotondatik edo Zubiaurretxotik Zizurkil Goiko plazara, 10:45etik 15:00etara eta 16:30etik 21:00etara bitartean.

Ohi bezala, hamaika herritarren lan bolondresari esker aterako da aurrera azoka, bereziki festa batzordeko kideen lanari esker.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.