Udal bulegoetan eskuratu daiteke herri antzerkiko bideoa

Zizurkil beheko jaietan pantaila handian eman ostean, Udal bulegoetan eskuragarri dago nahi duenarentzat “Bazan herri txiki bat” herri antzerkia jasotzen duen ikus-entzunezkoa. 3 eurotan eskura daiteke. Maiatzaren 16an 100 zizurkildar baino gehiagoren lana taularatu zen antzerki, musika, dantza, kantu eta bertso bidez eta arrakasta handia izan du herritarren artean. Horren seinale, 300 herritarretik gora elkartu zela pantaila handian ikusi nahian. Izan ziren bigarrenez ikusi zutenak baina baita maiatzean lekurik gabe geratu eta lehen aldiz ikusteko gogoz zeudenak ere. Bertaratu ziren ugari DVD-a besapean joan ziren etxera.

Webgunean ere bai

Zizurkil.eus, webgune honetan ere ikusgai egongo da aurrerantzean herri antzerkia nahi duen ororentzat. “Zizurkilek herri aitortza jaso zueneko 400. urteurrena luzaro gogoratuko da bereziki herri antzerki honengatik. Ekimen parte hartzaile txalogarria izan zen”, nabarmendu du antzerkiko parte hartzaile eta gaur egun kultura zinegotzi den Ion Ander Esnaolak. Herri antzerkian taula gainean aritzeko harra sartu zitzaienentzat ere, helduentzat antzerki ikastaroa eskaini du aurten Zizurkilgo Udalak. “Iraitz Lizarraga, antzerkiko zuzendariak berak eskainiko du ikastaroa. Herritarrak animatu nahi ditugu”, nabarmendu du Esnaolak.

Herri antzerkiko amaieran ohiukatzen duten moduan: 400 urte barru ere esan dezatela, Gora Zizurkil!

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.