Zizurkildarrek argi eta ozen esan dute: "Ez dugu eraso matxistarik onartuko"

Elkarretaratze jendetsua egin zen atzo (osteguna, hilak 9) arratsaldez Joxe Arregi Plazan, uztailaren 8an bere bikotekideak erasotu zuen emakumeari babesa azaldu eta emakumeen aurkako indarkeria sexista salatzeko. Aizan talde feministako kideak eta Zizurkilgo Udal ordezkariak egon ziren  "Aski da! ez dugu eraso matxista gehiago onartuko" zioen pankartaren atzean. Inguruan zizurkildar multzo handi bat, eta bailaratik etorritako herritar eta udal ordezkari andana. Elkarretaratzea amaitzeko, Eva Usandizaga Zizurkilgo parekidetasun ordezkariak honako adierazpena irakurri zuen:

 

Zizurilgo Udalaren adierazpena:

 

Ekintza honen bidez, aski dela esan nahi dugu. Zenbat emakume gehiagok jasan behar dituzte eraso sexistak? Guk ez dugu bakar bat ere onartuko! Are gehiago, tinko eta irmo salatuko dugu emakumeen aurkako indarkeria kasu bakoitza.

Zoritxarrez, lerro hauek, herrian, Zizurkilen, gertatutako eraso bat salatzeko dira. Uztailaren 8an, goizaldeko ordu bietan, emakume zizurkildar bat bere bikoteak jipoitu du. Biktimak erasoa salatu du jada. Zizurkilgo Udalak babesa azaldu nahi dio herrikideari eta bere eskura dauzkan bitartekoak eskaintzen dizkio.

Hau ez da herrian gertatu den lehenengo eraso sexista, baina espero dugu azkena izatea. Zeren eta, argi utzi nahi dugu:  Ez dugu emakumeen aurkako eraso sexistarik onartuko. Aski da!

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.