Uztailaren 9an "Amantalek ixilean daramaten Gerra" dokumentala, Atxulondo kultur etxean

Aurten ere Gerra Zibileko auzolandegia egingo dute 18-30 urte arteko gazteek, uztailaren 6tik 18ra, Asteasu, Aduna eta Zizurkilgo Udalak Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lagunduta. 

 "Gerra Zibila 1936-1937: erresistentziaren oroimena eta aztarnen bila" da auzolandegiaren izena. 1936ko abuztuan eta irailean matxinada frankistari aurre egiteko lehenengo erresistentziako antolakuntza eta enfrentamenduak Tolosaldean kokatu ziren; horren ondorioz, inguruko herrietan jasotako hainbat gertakari garrantzitsu egon ziren Asteasu, Aduna eta Zizurkileko inguruko mendietan gertakari horien arrastoak aurki daitezkeelarik. Hori horrela, auzolandegiak irauten duen egunetan zehar, hainbat ekintza eramango dira aurrera: Zarateaitz (Zizurkil) inguruko lubaki batzuen garbiketa eta indusketa, garaiko dokumentazio historikoaren lanketa, irteera ezberdinak eta hitzaldi irekiak arratsaldeetan.

Ikasleekin hainbat irteera egingo dira kolpe militarrean zehar gertakari ezberdinak bizi zituzten Euskal Herriko hainbat herrietara: Elgetako (Gipuzkoa) Memoria Historikoaren Euskal Interpretazio Zentrora eta Intxorta mendiko inguruko lubakiak ezagutzera, Larrabetzuko (Bizkaia) Burdinazko Gerrikoaren eremuko bunker eta lubakiak ikustera, Donostian barna bisita gidatua 1936an Gipuzkoan eta hirian gertatutakoak ezagutzera eta, azkenik, Oiartzungo Karrika auzoko deshobiraketa lanak ezagutzera eta Arkale inguruko defentsa sistema ezagutzera. Bisita gidatu horiek herrietako alkate batzuekin edota elkarte ezberdinetako adituekin egingo dituzte.

Hitzaldiei dagokienez, herri bakoitzean bana egingo da. Horrela, datorren astelehenean, uztailaren 6an, Karlos Almorzak matxinada frankistaren garaiko testuinguru historikoaz arituko da Asteasuko Udaletxeko aretoan. Uztailaren 9an, osteguna, Esti Ripa Segurako Partaidetzako Teknikariak “Amantalek ixilean daramaten Gerra” (2014) dokumentalaren inguruan arituko da eta dokumentala ikusteko aukera egongo da Zizurkilgo Atxulondo Kultur Etxean. Azkenik, uztailaren 16ean, osteguna, Amaia Kowasch eta Gotzon Bergerandik hitzaldi bat emango dute Adunako Udaletxeko aretoan Ezkabako (Iruñeako) kartzelaren eta bertako presoak laguntzeko emakumeek sortutako laguntza sarearen inguruan. Hitzaldi guztiak arratsaldeko 19:00etan izango dira, auzolandegiko ikasleez gain, inguruko herritar guztiak gonbidaturik daude.

Herritarrek gazteek lubakietan egiten ari diren lanak ikusi eta ezagutu nahi izanez gero, aukera izango dute uztailaren 13ko asteko goizetan Zaraiteaitz ingurura gerturatzeko. Bertara joateko laguntza behar izanez gero, jarri kontaktuan Asteasuko Partaidetzako Teknikari den Alicia Susorekin. Animatu hitzaldietara eta gure memoria historikoaren berreskurapenean parte hartzera!

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.