Maiatza Saltsan, ahaztezina

Kultura batzordeak balantze oso baikorra egin du 2015eko Maiatza Saltsan ekimenaren inguruan

Hiribildu aitortzaren 400. Urteurrenak markatutako egitaraua izan da aurtengoa. “Hainbat helburu jarri genituen: Nagusiena, zizurkildarrek zekitena erakusketako eta parte hartzeko gune izatea aurtengoa, zizurkildarrok izan behar genuen muina. Bide berean, herriko historia zabaltzen laguntzeko tresna izatea ere nahi genuen”, azaldu du Alaitz Ormazabal kultura zinegotziak.

Herri antzerkia

Zalantzarik gabe, maiatzaren 16ko herri antzerkiak markatu du aurtengo Maiatza Saltsan. “Uste dugu egindakoa gerora ere gogoratuko dela. Hilabeteetako lan gogorra egin du herritar ugarik, baina emaitzak benetan balio izan zuen”, azpimarratu du Leire Zubeldia parte hartze zinegotziak. Hain zuzen parte hartzea azpimarratu dute kultura batzordetik. “Adin ezberdineko zizurkildarrak, jatorri ezberdinekoak, goikoak eta behekoak, 130 herritar ekimen baten inguruan batzea izan da arrakasta handiena”, dio Julian Arrastoa proiektuaren sustatzaile eta batzordeko kideak. “Izan zuen beste aspektu on bat ere, ditugun artista handien berri zabaltzea. Nerea Barriola sopranoa esaterako, antzerkiaren bidez ezagutu zuen hainbat herritarrek”, azpimarratu du Zubeldiak. Uneotan emanaldiko ikus entzunezkoa lantzen ari dira “ezusterik ezean, beheko festetan eskainiko da”, aurreratu dute. Argazkiak ikusgai HEMEN

Hamaika ekitaldi

Herri antzerkiaz gain ordea, azpimarratzea merezi duten hamaika ekitaldi izan dira. “400 pauso Zizurkil ezagutuz izenarekin egin ziren ibilaldiak eta ondorengo festa esaterako, arrakastatsua izan zen herriko txokoak ezautzera emateko. Argazkiak ikusgai HEMEN. Horrez gain ezin ahaztu lehen aipatutako Nerea Barriolaren kontzertua, herriko Nigeriarren tailerra, Macarena Sanchez herritarraren ikastaroa…. Azken finean, herritarrak izan gara protagonista”, nabarmendu du Ormazabalek.

Ohikoak diren ekitaldien sendotasuna ere azpimarratu dute. “San Isidro festa, Biatloia, Loatzo musika eskolakoen emanaldia edo Emakume txirrindularien txapelketa ezinbesteko hitzordua bihurtu dira, eta aurrerantzean ere Udaletik sustatzen jarraituko dugu”. Aurten gainera, lehen aldiz Gipuzkoako bertsolari txapelketa etorri da Zizurkilera, “jende ugari hurbildu zen eta guretzat aukera ederra izan da”.

Hernandorena kultur elkartea

Ezin ahaztu hilabete osoan zehar Atxulondo kultur etxean ikusgai egon den erakusketa, 400 urteotako Zizurkilen dokumentu nagusienak jasotzen dituena. “Hernandorena kultur elkarteak egin duen lana eskertu beharrean gaude, bai erakusketa hori egiten eta nola ez, etxe guztietan banatu zen liburua lantzen egin duten lanagatik. Lehen ere esan izan dugu: Luxua da herrian horrelako talde bat izatea”, diote bi zinegotziek.

 

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.