Lehen aldiz Gipuzkoako bertsolari txapelketa Zizurkilen

Datorren igandean, hilak 31, Gipuzkoako txapelketako atariko faseko saioa jokatuko da Zizurkilen. Gipuzkoa bertsotan izeneko ekimenak udazkenean ekingo zaion txapelketarako 30 bertsolari hautatuko ditu. 12 herritan ari dira saioak egiten eta horietako bat izango da Zizurkil. “Zizurkil herri bertsozalea da, eta aukera polita iruditu zitzaigun txapelketa maiatza saltsan ekimenari errematea emateko ekartzea”, aipatu du Alaitz Ormazabal kultura zinegotziak. Atxulondo kultur etxeko aretoan izango dira saioak.

Goiz eta arratsaldeko saioak

Goizez eta arratsaldez saio bana izango da. Goizeko 11:30etan hasita, ondoko sei bertsolari hauek ariko dira: Eneritz Artetxe, Ane Labaka, Gorka Maiz, Eñaut Martikorena, Asier Sasieta eta Xabier Sukia. Arratsaldeko 17:30etan berriz, beste hauek hartuko dute parte: Maialen Akizu, Ioritz Bastarrika, Mikel Iturriotz, Mikel Tapia, Jon Maia eta Beñat Iguaran amasarrak. “Unai Mendizabal zizurkildarra ere ari da txapelketan parte hartzen, baina ez zaio Zizurkilgo saioan egokitu”, azaldu du Ormazabalek.

Sarrerak momentuan bertan hartu ahal izango dira, 4 euroren truke elkarteko bazkideentzat, 6 eurotan gainontzekoentzat. “Atxulondoko aretoa ez da oso handia eta saioak ikusi nahi dituenari goiz xamar bertaratzeko eskatzen diegu”, gehitu du zinegotziak.

 

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.