"Zizurkil 1615, hiribildu baten eraketa" liburua aurkeztu dute

Maiatza Saltsan ekimenaren lehen ekitaldi gisa, Zizurkilek herri aitortza jaso zuen garaira garamatzan liburua aurkeztu zuen Hernandorena kultur elkarteak Atxulondo kultur etxean. Kontuan izan aurten aitortza hori jaso zela 400 urte betetzen direla ospatuko dela maiatza osoan. Liburua aurkeztearekin bat, dokumentu zaharrak biltzen dituen erakusketa ere inaguratu zen, maiatza bukaera arte ikus daiteke Atxulondo kultur etxean.

Liburua datozen egunetan banatuko du Udalak etxe guztietara. Joxin Azkue, Hernandorena elkarteko kideak, laburpen hitzaldi bat eskaini zuen. Lehenik eta behin, Zizurkil toponimoaren esanahiaz mintzatu zen eta azterketa ezberdinak kontuan hartuta, Zizurkilek 'altuera txikia' esan nahi duela argitu zuen. Demografiari lotuta, hiru garai bereizi zituen. 1900-1970 / 1970-1980 / 1980-2015. Lehen bi aldi horietan, bigarrenean bereziki, biztanle kopuruak gora egin zuela nabarmen Elbarrenan eta, Ugare auzoan bereziki, herriarengan aldaketa handiak sortuz.Zizurkilen lehen aipamen historikoa, berriz, 1190 urtekoa dela azaldu zuen. "Iruñeako katedraleko artxibategian gordetzen da Gipuzkoa eta Nafarroako leku batzuk administratzeko eskubidea eskatuz, Pedro Artaxona gotzainak Baionakoari igorritako idatzia, zeinetan beste hainbat herriren aipamenarekin batera, Zichurchil agertzen den lehen aldiz, azaldu zuen".

Independentzia

Azkuek argitu zuen Tolosagandik independentzia judiziala lortzeko,  bizilagun bakoitzak 25 dukat ordaindu behar izan zizkion Felipe III. erregeari. Zizurkilgo 100 bat familiaren ordainketaren dokumentua ere ikusgai dago erakusketan. Galdera gehiago dituenak, liburuan aurkituko ditu erantzunak.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.