Udal gobernuak aurkeztu ditu 2015eko aurrekontuak

Atxulondo kultur etxean aurkeztu dute 3.300.000 €-ko aurrekontua. Nerea Lizarraga ogasun zinegotziak eman zuen diru kontu nagusien berri. “Iaz baino ia 200.000 euro handiagoa da. Batetik, zorrera bideratu beharrekoa murrizten ari da urtez urte, legealdi honetan zorra erdira jaitsi dugulako, eta bestetik, aldunditik Udalei banatzen zaion diruak gorakada izan du, Zizurkilen kasuan 100.000 euro pasakoa”. Horrek orain arteko egoera estua lasaitu duela azpimarratu du zinegotziak. “Urteotan hainbat proiektu egin dira baina beste hainbat landu arren, hurrengoetarako utzi behar izan dira. Aurrerantzean egoera hobea izango da, beti ere, Udalean kudeaketa ona eginez gero eta mailegurik eskatu gabe urteak amaitzen jarraitzen badugu”.

Proiektu ugari

2015eko aurrekontuetan txertatutako proiektuen berri eman zuten ondoren. “Diru aldetik nagusiena liburutegi berriarena da. Baina kontuan hartu behar diru laguntza handia dela, 250.000 euro jasoko ditu Udalak proiektu hau Tolosaldean Aldundiak egindako aurrekontu parte hartzaileetan aukeratua izan baitzen”, aipatu du Alaitz Ormazabal kultura zinegotziak. Proiektua definitzen ari dira uneotan. Beste bi ekimen handi Atxulondoko igogailua eta plazako estalpea izango dira. “Estalpea herritarrek txertatu zuten plazako proiektuan 2012an egin genituen bileretan. Orain arte ez dugu sartzerik izan baina lanak egin zituztenean prest utzi zuten ahal genuenean ekiteko. Aurtengoan posible izango da”, azpimarratu zuen Luengok. Udan egin nahi dituzte estalpea egiteko lanak eta gari horretan egingo dute Atxulondoko igogailua ere. “Oso beharrezkoa zen, 150.000 euro inguruko aurrekontua du baina diru laguntza ona lortu dugu eta beraz igogailua egin eta Atxulondoko birmoldaketarako lehen urratsa emango da, are gehiago liburutegia bertatik aterata”, azpimarratu zuen alkateak. Herri baratzeak, Villabona eta Zizurkil arteko oinezko zubiaren konponketa eta beste hainbat egitasmo txiki ere aipatu ziren. Galdera txandan Oria ibaiaren bideratzeaz galdetu zuten. Alkateak zehaztu zuen “Eusko Jaurlaritzaren URA agentziak egingo duen egitasmoa da eta gu geu ere proiektu zehatza jaso zain gaude”. Udalak informazioa izan bezain pronto helaraziko duela esan zuen baina lanak ez direla berehala hasiko argitu nahi izan zuen.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.