Zizurkilen 2015ean egingo diren proiektuen berri emango da ostegunean

Zizurkilgo Udalak martxoaren 13an onartu zituen 2015eko aurrekontuak. 3.309.455 €ko aurrekontua da, iazkoa baino ia 200.000 euro handiagoa. EH Bilduren aldeko botoa eta EAJren abstentzioa izan zuten diru kontuek. “Aldundian egindako lan onari esker, Udalen diru sarrerak gora doaz eta gainera zorra ordaintzera gero eta gutxiago bideratu behar dugunez, inbertsiorako gaitasun handiagoa dugu”, narbarmendu du Nerea Lizarraga ogasun zinegotziak.

Proiektu ugari

Onartu berri diren aurrekontuetan hainbat inbertsio berri jasotzen dira. “Plazako estalpea eta liburutegi berria izango dira diru kantitatez inbertsio handienak. Estalpea herritarrekin egindako parte hartze prozesuan txertatu zen plazako proiektuan eta aurten egiteko moduan izango gara. Liburutegi berria berriz, Aldundiko diru laguntza sendo batekin egingo da, Tolosaldeko herritarrekin egindako batzarretan aurkeratutako proiektuetako bat izan baitzen. Udalak bereganatutako plazako lokaletan liburutegia eginez, Atxulondo kultur etxea birmoldatzeko aukera emango digu, “nabarmendu du Joxe Mari Luengo alkateak. Hain zuzen kultur etxean igogailua jarriko da udan, hori da aurtengo beste egitasmo bat. “Kasu honetan ere dirulaguntza sendoa lortu dugu Jaurlaritzatik”. Herri baratzeak, Villabona eta Zizurkil arteko zubia, P.M. Otaño ikastetxeko parke berria… 2015eko egitasmoen berri jakin nahi duenak ostegunean du aukera, hilaren 26an, iluntzeko 19:30etan Atxulondo kultur etxean. Udal taldeko kideak bertan izango dira aurrekontuen eta diru kontuen inguruko azalpen guztiak emateko. Batzarra euskaraz izango da baina gaztelaniaz ere eskainiko da informazioa.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.