Txapel Egun arrakastatsua "Malli" gogoan

Zizurkilgo festa batzordeak antolatuta, XXII. edizioa ospatu zuen Txapel Egunak martxoaren 14an.

Arratsaldeko lau terdietan hasi zen egitaraua. Musean dozena bat bikote aritu ziren zentroan.

17:30etan Bukalai dantza taldeak emanaldi ederra eskaini zuen adin ezberdinetako kideekin ia erabat beteta zegoen Zizurkil goiko frontoian. Ondoren haur guztiek merienda izan zuten.

Pilota partidak izan ziren ondotik. Bi partidak ere onak: Itsaso Erasunek 22 eta 12 irabazi zion Janire San Sebastiani palan eta esku pilotan, Iñaki Lizaso-Mikel Irurzunek 22 Iker Iraola-Beñat Olazabalek 18. Pilota partidek ere erakarri zuten jendea Mallik hain maitea zuten zimiteriora, bereziki esku pilotako neurketak.

Partidak bukatuta, txapela buruan trikipoteoan ibili ziren herritarrak Iratxe Geresta soinu jotzaile zela. Ondoren afaritara 75 lagun elkartu ziren (Txartelak astebete lehenago amaitu ziren) zentroan. Afal ostean festa batzordetik, Mallirentzat oroitzapen hitz batzuk izan zituzten eta Aitziber Ibarbia iazko txapeldunak Oihana Usabiaga, Malli zenaren alabari jarri zion txapela. Hunkituta jaso zuen txapela. Oroitzapenaren tristura hor egon arren, festa giroan egin zen afaria eta giro hori jartzeko Unai Mendizabalek Mallik kontatutako pasadizo batean oinarritutako bertsoak kantatu zituen, askoren algarak eragin zituztenak, gitarraz lagunduta.

Ohitura den gisan, aurtengo amabirjinetako festen hasierako suziria txapeldunak, kasu honetan Oihana Usabiagak jaurtiko du.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.