Giroa berotzera dator Zizurkilgo XIII. Blues Gaua

Otsailaren 28an, blues-doinu gozoz jantziko dira Zizurkilgo bazterrak. Zizurkilgo Udalak antolatuta eta Atxulondo eta Egarri tabernek lagunduta, perkusio eta haize-tresnen hotsak entzun ahal izango dituzte bi taberna horietara gerturatzen direnek.

Jaia gaueko 23:30ean hasiko da. Broken Brothers Brass Band talde iruindarrak jai-giroko doinuak zabalduko ditu Atxulondo tabernan. New Orleanseko gaur egungo taldeen hots kaletarrak jotzen ditu talde horrek: gospela, funka, jazz modernoa eta rhythm and bluesa. Bigarren LPa kaleratu berri du taldeak, eta musika berria, formula berriak, sortzen jarraitzen du.

00:30ean, White Towels Blues Band taldeak hartuko dio lekukoa Egarri tabernan. Hondarribiko taldeak emakume ahots bat, gitarra-doinuak eta oinarri erritmiko sendoa ditu. Aurreko mendearen erdialdeko juke point batera eramango ditu ikusleak.

Jimmy Barnatan & The Coconers entzutetsuak itxiko du saioa, Egarri tabernan. Countrya, bluesa eta soul doinuak jotzen ditu, swing gogorrarekin nahastuta. Motor Club laugarren diskoa grabatu berri du, bertan parte hartu dute La Fuga taldeko Nando G. Miguelek, M-Claneko Carlos Tarquek eta Burning taldeko Johnny Cifuentesek. Diskoa otsailean argitaratuko da, eta Zizurkil izango da diskoa aurkezteko lehen plaza.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.