Zizurkilek eskola garraioaren murrizketan atzera egiteko eskatu dio Jaurlaritzari

Zizurkilgo Udalbatzak aho batez atzera egiteko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari herriko hainbat gurasok egindako eskaerari erantzunez.  Eskola garraioan egindako murrizketa dago eskariaren atzean.

DBHko ikasleak

2014-2015 ikasturtearen hasieran murrizketa jasan dute hezkuntza publikora joaten diren Zizurkilgo DBHko ikasleek. Duela urte batzuk egin zuen Jaurlaritzak arlo honetan lehenengo murrizketa: Erniobea insitutua martxan jarri zenean, DBHko ikasle guztiek zuten eskola garraioa. Ondoren ordea, etxetik institutura bi kilometroz azpiko distantzia zuten DBH 3. eta 4. mailakoei kendu egin zieten zerbitzua. Geroztik, Elbarrenako DBH 1. eta 2. mailako ikasleek eta Zizurkil Goiko DBH osoko ikasleek izan dute garraio zerbitzua Villabonako Arratzainen kokatutako ikastetxera joateko. Aurtengo irailean, ordea, eskolak hasteko bezperetan, Jaurlaritzako Hezkuntza sailaren gutuna jaso zuten DBHko ikasleek . Murrizketa berri baten albistea zekarren: Oraingo murrizketak, bi zati ditu: Batetik, DBH 1 eta 2 mailako ikasleei, bi kilometroko distantzia-muga ezarri diete, ondorioz, Elbarrenako adin honetako ikasle ia guztiek autobusez joateko aukera galtzen dute; bestalde, DBH 3. eta 4. mailako ikasleen kasuan, distantzia muga 2 kilometrotik 4ra igo dute. Azken egokitzapen honek Zizurkil Goiko 9 ume ere uzten ditu garraio zerbitzutik kanpo.

Egoeraren larria ikusita, Hezkuntza delegaritzarekin harremanetan jarri ziren eskualdeko Udalak eta institutua bera, eta azkenean, zera adostu zen: Autobusean nahikoa leku zegoenez, aurtengoz hartuko zituela zerbitzuz kanpo geratutako Zizurkilgo ikasleak. Behin behineko irtenbideak ordea, ez du esan nahi eskubide murrizketan atzera egiten duenik Jaurlaritzak, eta inork ezin du ziurtatu datorren urtean zer gertatuko den. Hori dela eta, gurasoek Jaurlaritzak neurria bera bertan behera uztea nahi dute.

3 puntu

Hiru puntuko idatzia onartu zuen udalbatzak aho batez, Bildu eta EAJren botoekin:

1-Zizurkilgo Udalbatzak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio atzera egin dezala eskola garraioan eta jangela zerbitzuan egindako murrizketetan, gutxienez, aurtengo iraila aurreko egoerara itzuliz.

2-Zizurkilgo Udalbatzak adierazten du herrian Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza zentrurik ez izanda, Jaurlaritzaren betebeharra dela haurrei eskola garraioa jartzea.

3-Zizurkilgo Udala prest dago bitartekaritza egiteko Eusko Jaurlaritzaren eta kaltetutako gurasoen artean. Elkarrizketarako eskua luzatzen dio Jaurlaritzari.

Zizurkilgo gurasoek eta Udalak berak, ez dute baztertzen protesta ekimenak burutzea Jaurlaritzak atzera egin ezean.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.