Aldaketa izango da hondakinen tasan

Urtero bezala, iritsi da Udal tasak onartzeko garaia. Egoera ekonomikoak horrela eskatzen duelakoan, Zizurkilgo Udal tasek ez dute igoerarik izango datorren urtean. Hondakinen tasa izango da salbuespena.

Zizurkilgo Udalak hondakinen bilketa berria helburu argi batekin jarrizuen martxan: ahalik eta gehien birziklatzea. Sistema hau bidezkoagoa da,birziklatzen dutenen ahalegina aitortzeko aukera ematen baitu. Horrela, atez atekoaren eta konpostaiaren bidez birziklatzen duen zizurkildarren gehiengoak hondakinen tasa murriztua izango du aurrerantzean, Tolosaldeko hondakinen mankomunitatearen ordenantzan jasotzen den aukera baliatuz.

%30 gehiago

Aitzitik, hondakinak bide publikoan bereizi gabe uzten jarraitzen duten herritarrei Udal tasa berria aplikatuko zaie, oso-osorik. Aurreko urtekoarekin alderatuta %30 inguruko igoera dakar oraingo tasak. Kopuru hori zabor nahasia bildu eta zabortegira eramateak Udaleko diru-kutxan eragiten duen gain kostuarekiko proportzionala da. Udalak uste du herritarren gehiengoak ez duela zertan jasan batzuek bide publikoan hondakinak bereizi gabe uzteagatik eragiten duten gain kostua.

Hori bai, tasa horiek ez dira finkoak, hau da, herritar bat birziklatzen hasten denean tasaren murrizketa aplikatuko zaio.Hilabetero arduratuko da Zizurkilgo Udala tarifa murrizketa jasoko dutenen zerrenda eguneratua edukitzeaz eta irakurketen erregulartasuna frogatzeaz, Beraz, hiruhilabeteko zerga aldakorra izan daiteke. Tarifa murrizketaren onuradun izateko mankomunitateko ordenantzak ezarritakoaren arabera kudeatu behar dira hondakinak.

 

 

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.