Zizurkilek festetarako erraldoi eta buru handiak izango ditu aurrerantzean

Festen pizgarri moduan, Zizurkilera egokitutako erraldoi eta buru handiak egiteko ideia sortu zitzaien duela urtebete inguru Joxe Mari Luengo alkateari eta Iker Urruzola herritarrari.  “Zizurkilek ez zuen erraldoi propiorik eta xarma berezia izan zezaketela otu zitzaigun”, azaldu dute. Hilabeteetako lana izan da erraldoiena. “Lehenik zein erraldoi egin pentsatu genuen, kultur taldeekin hitz eginda,  hasteko, bi baserritar egin ditugu, zizurkildarren sustraiak islatu nahian. Datorren urterako beste bi erraldoi egingo ditugu, horietako bat P. M. Otañorena izango dela aurreratu dezakegu”. Buru handiak ere egin dituzte. “Sorginaren eta deabruaren buru handiak egin ditugu, euskal mitologiari keinu eginez, beste bi ere egingo ditugu, herriarekin zerikusia duten irudiekin”. Momentuz ez dute xehetasun gehiago eman nahi izan baina hirugarren buru handia elbarrenako festetarako egina egingo da.

Udalaren eta herritar ugariren arteko lanaren emaitza dira erraldoi eta buru handiak. “Auzolanean egindako lana izan da. Erraldoien kasuan, batetik egitura eta irudia dago, bestetik, jantziak. Jantziak egiten herriko jubilatu elkarteko hainbat eta beste zenbait herritar aritu dira lanean. Erlojuz aurka aritu dira Zizurkil Goiko festetarako prest egon zitezen.  Guztiei eskerrak eman behar dizkiegu”, azaldu du Joxe Mari Luengo alkateak.

Igandean Elbarrenako festetan

Estrenua,abuztuaren 17an izan zuten Zizurkil Goiko jaietako haurren egunean. “Eguerdi aldera ibili ginen giroa alaitzen. Elbarrenan kantu kalekoen laguntzarekin ariko gara irailaren 7an, igandean, arratsaldez.”. Erraldoiak dantzan jartzea ez da erraza. “Zenbait herritar entseatzen aritu dira eta eurek ibiliko dituzte”. Zizurkilek aurrerantzean festara bultzatzeko elementu bat gehiago izango du, herriko erraldoi eta buru handiak.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.