Gerra Zibilari buruzko auzolandegiak, Zizurkil-Asteasu-Aduna-Larraul

Uztailaren 3az geroztik, Espainiar estatuko hainbat herrialdetatik etorritako 17 gazte Gerra Zibileko lubakiak induskatzen ari dira auzolanean.

Zizurkilgo Udalak, Asteasuko Udalak, Adunako Udalak, Larraulgo Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzari esker antolatutako auzolandegiak 18-30 urte bitarteko 17 gazte bildu ditu 2017ko kanpainan. Ikerketa horren helburu nagusia da gazteen formazioa sustatzea, bereziki giza eskubideen arloan. Horretarako, Euskal Herriko oroimen historikoaren berreskurapen-lanak egiten ari dira.

Uztailaren 3tik 16ra bitartean, Zizurkil, Aduna, Asteasu eta Larraulgo udalerrietan Saseta defentsa-sistemaren lubakiak identifikatu eta aztertzen ibiliko dira. Sistema hori Gerra Zibileko lehen erresistentzia-tokia izan zen gure lurraldean.

 

Saseta sistema: lehen erresistentziaren gunea

Auzolandegia egiten ari diren lurretan, 1936ko abuztuan eta irailean, Adunako, Asteasuko eta Zizurkilgo mendi-adarretan ezarritako Saseta defentsa-sistema altxamendu militar frankistaren aurka antolatutako euskal erresistentziaren mugarria izan zen. Tolosa 1936ko abuztuaren 11n frankisten eskuetan erori ondoren, mendi horietan egin zieten aurre. Memoria historikoan ahaztuta dagoen tokia den arren, borroka handiak gertatu ziren bertan, eta ehun biktima inguru zenbatu dira.

Maribel Vaquero Aldundiko Bizikidetza eta Giza Eskubideetako zuzendariak azaldu du foru-erakundearentzako lehentasuna dela iraganeko pasarte ahaztuak edota ezkutuan daudenak azaleratzea. "Memoria kolektikoa jatorri, klase, genero, ideologia... ezberdineko pertsonek bizi izandako pasartez osatzen da. Hori dela eta, guztion ahalegina izan behar du oroimen partekatu horretan falta zaizkigun historiak berreskuratu eta gehitzea, horrela osatuko baitugu herri honen memoria" azaldu du. "Horretan ari gara Gipuzkoako Foru Aldunditik" gehitu du Vaquerok.

Ikerketa zientifikoaren bitartez, dokumentazio ugari berreskuratu da, eta tartean Asteasu eta Zizurkilen Sasetak diseinatu eta gudariek eraiki zituzten ehunka metroko lubakiak aipatzen dira. Horrela berretsi dute garai hartako Zizurkil, Asteasu eta Aiako lekukoek. Ikerketa horren buru izan da Javi Buces Aranzadiko historialaria, eta ondorioak 2016ko udazkenean plazaratu zen Saseta defentsa-sistema: armatutako erresistentzia antifaxista Adunan, Asteasun eta Zizurkilen liburuan aurki daitezke.

Lubakien berreskurapena

Aranzadiren arkeologia-lanak baieztatzen du aurkitutako dokumentazioak esaten duena. Historiagrafiak aipatzen dituen leku horietan lubakiak eta bala-zorroak aurkitu dira azken urteotan. Horrez gain, Aranzadiko arkeologo eta boluntarioek ehunka metro dituzten lubakiak ikusi, txukundu eta katalogatu dituzte Asteasu, Zizurkil eta Adunan, Saseta defentsa-sistema osatuaz.

Horrez gain, Aranzadiko zein beste hainbat elkartetako adituek bisita gidatuak eta memoria historikoaren inguruko hitzaldiak ematen ari dira aztarnategiko lanak bere testuinguruan kokatzeko. Horrela, gazteek hainbat memoria-gune bisitatu dituzte: Elgetako memoria historikoaren museoa eta Intxortatik ibilbide tematikoa; Sartagudako memoria parkea; Ezkabako Gotorlekua; Lemoatx mendian egiten ari diren auzolandegia; Oiartzunera irteera...

 


Medios

https://ataria.eus/zizurkil/1499962539743-gertatu-zena-argitzeko-begi-eta-eskuak-auzolandegia-zaratze-aitze-aranzadi-zientzia-elkartea-2017-indusketa-aiztondo

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.