Maider Eizmendi herritarrarentzat "Emakumea Zizurkilen" Beka

Parekidetasun batzordearen ekimenez, Zizurkilgo emakumeen egoera aztertu eta lanerako oinarri bat finkatzeko helburuz, beka deialdia luzatu zuen Zizurkilgo Udalak uztailean eta Maider Eizmendi herritarrak eskuratu du. Duela urtebete pasatxo sortu zen parekidetasun batzordea Zizurkilen. Eta argi ikusi zen, emakumeen arloan egin beharreko lanak martxan jarri ahal izateko, gaur egungo egoeraren inguruko berri zehatza behar zela. Lanerako oinarri hori falta zen eta beka deialdia luzatzea erabaki zuen Udalak. Uztaila erdialdetik abuztu amaiera arteko epea izan zen lanak aurkezteko.

Bi hautagai

Bi lan aurkeztu zituzten deialdira. Epaimahaia Maider Agirre teknikariak, Eva Usandizaga parekidetasun zinegotziak, Joxe Mari Luengo alkateak eta Arantza Campos EHUko parekidetasun irakasleak osatu dute. Emakume eta gizonen berdintasuna lantzeko masterreko zuzendaria da Campos eta hark izan du aurkeztutako proiektuen alderdi teknikoak baloratzeko ardura.

Azkenean, Maider Eizmendi herritarraren proiektua izan zen hautatua. 3.000 euroko ordainsaria jasoko du lana burutzeko, eta urte erdia izango du azterketa egiteko. Zizurkilgo emakumeek bizi duten egoera aztertuko du, horretarako arlo ezberdinak kontuan hartuta: “Udala, kultura eta kirola, hezkuntza, lan mundua, emakumeen aurkako indarkeria datuak... arlo ezberdin asko aztertuko ditu, “ azaldu du Eva Usandizaga parekidetasun zinegotziak.

10 urte

Duela hamar urte hasi zen Zizurkilgo Udala beka deialdiak egiten. Baserriko Argia eskultura jarri zen urtean, 2002an egin zen lehen deialdia. Emakume baserritarren egoera aztertzeko deialdia izan zen hura, eta hurrengo urteetan jarraipena izateko xedez sortu zen. Hamar urte hauetan zenbait deialdi egin da, baina etenaldiak ere izan ditu bekak. Aurten, parekidetasun batzorde berriaren ekimenez berreskuratzeko ahalegina egin da.

 

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.